Dokumentuak 1.d: IKTak ala IKSETak?
eTwinning(e)tik
IKT edo IKSET?
Itzuli 1. unitatera
Informazio eta Komunikazio Teknologien laburdura moduan IKT akronimoa hainbeste zabaldu eta hedatu da, gehien-gehienetan ez baita azaldu beharrik ere izaten zer esan nahi duen. Eta hala ere, horrek biltzen dituen teknologia horiek guztiek aldaketa itzela izan dute oso denbora gutxian. Ekipotan eta aplikaziotan izan den garapenak, eskurako banda-zabaleran handitzeak, ia nonahi Internetera konektatzeko aukerak, orain dela urte batzuk nekez imajina zitekeen konplexutasun elektronikoko mundua sortu dute, oraindik ere bere alderdi guztietan baliatzen eta etekina ateratzen ikasi behar dugun konplexutasuneko mundua.
Izan ere, web orri “klasikoak”, blogak, wikiak, posta elektronikoko programak, foroak, eta abar... –bistan da– besteekin komunikatzeko baliabideak, teknologiak dira, informazio iturriak. Gehiago ere bada, ordea. Guk geuk ere esku har dezakegu eskuratzen dugun informazio horretan: komenta dezakegu, aldatu edo osatu (Web 2.0); eta informazio hori berori bestek noiz eguneratu edo editatu duen jakinean egon gaitezke, eta interesatzen zaigun bestelako informazioa erraz topatu ere bai (Web semantikoa edo 3.0).
Hala, “Informazio” eta “komunikazio” terminoek ez dituzte beren horretan teknologia horiek eskaintzen dizkiguten aukera guztiak jasotzen. “Teknologia” hitza berak ere ez dirudi aski denik horretarako, aldaketa horiek guztiak portaera sozial berriak eta beste pertsona batzuekin harremanetan jarduteko eta elkarreragiteko modu berriak sortzen ari baitira.
Komunikazioa, Sorkuntza, Elkarbanaketa?
Esan liteke hiru horiek ditugula IKSETak ikasgelan erabili nahi ditugunean lehenik etortzen zaizkigun kontzeptuak. Lehenik, gure kideekin komunikatzen gara, helburu eta ekintza-plan komunak zehazten ditugu eta gauzatzea erabakitzen dugu. Ondoren, alde bakoitzak dagozkion egitekoak betetzen ditu; alegia, planean aurreikusi diren materialak sortzen dituzte. Azkenik, parte-hartzaileen artean elkarbanatzen dira emaitzak edo elkarren artean trukatzen.
IKSETen adiera hau aski zuzena eta egokia da, eta hala azaltzen da gainera eTwinning proiektu askotan. Ez ditugu, ordea, balia genitzakeen horren aukera guztiak baliatzen. Funtsean, lan egiteko era hori tresna horietako askori atera dakiekeen etekinik ateratzen ez dien lan egiteko era da. Parte-hartzaileen arteko harremana hasieran eta amaieran gertatzen da, baina prozesuaren erdian etenda geratzen da. Lanaren atal oinarrizkoa den bat, sorkuntza, bi aldeek elkarrengandik bereiz egiteaz gain, kideek ezin atzi dezaketen eran gertatzen da. Gure lankideen lanaren azken emaitza ikusi besterik ez dezakegu egin, ez, ordea, sorkuntza prozesua begiratu (are gutxiago prozesuan parte hartu). Alde horretatik, mezu elektronikoa bera ere, berehala iristen bazaigu ere, bukatuta bidaltzen den produktua da.
Komunikazioa, Elkarlana, Sorkuntza?
Segur aski, askoz emankorragoa izango da IKSETei buruzko ikuspegi hori irakaslaneko teknologien erabilerari heltzerakoan. Komunikazioa agertzen da berriro ere lehen tokian; baldin-eta ez baditugu helburuak eta lan egiteko erak elkarren artean erabakitzen, kideek elkar ulertzen ez badute, nekez egingo dugu aurrera gure proiektuan.
Bigarrenik, berriz, elkarlanaren ideia agertzen da, ondotik sorkuntza dela –aspektu funtsezkoa hori–. Teknologiek eskaintzen dituzten aukera guztiek dute orain toki bat lana antolatzeko modu honetan. eTwinning proiektuetan ari garela esaten dugunean, ikastetxe batzuetako eta besteetako ikasleek produktu komunak sortu behar dituztela esaten dugu, beren kideekin emaitzak irakurtzen eta aztertzen elkarreraginean ari behar dutela ez ezik, emaitza horiek sortzen ere ari behar dutela esaten dugu. Gaur egun, igo dezakegu testu bat Internetera beste batzuek aldatu edo osa dezaten, multimedia gaiak elkarbanatu eta edita ditzakegu, hainbat parte-hartzaile elkarren artean eztabaidan ari daitezke... Ekipoak, programak eta banda-zabalera nahikoa eta sobera dira hori guztia egiteko.
Aurrerantzean, gure irudimena beste mugarik ez dugu izango: antola ditzakegu gure ikasleak taldeetan nazio batzuetakoak eta besteetakoak nahastean dokumentu komunak sor ditzaten (diapositiba bidezko aurkezpenak, testuak, multimedia...); bilaraz diezaiokegu talde bati gai bati buruzko (esate baterako, beren hiriari edo kideen hiriari buruzko) material landugabea eta eginaraz diezaiokegu beste taldeari dokumentu bat informazio hori abiapuntu dutela, eta abar.
Oinarrian, aurreko epigrafean egin genitzakeen egiteko berak egiten ditugu, baina funtsezko desberdintasun batzuk tarteko direla: orain egiteko horiek IKSETen bidez egiten dira, eta ez horietatik kanpo; gainera, nazio desberdinetako partaideek elkarren artean komunikatu behar dute eta elkarren artean negoziatu produktu komun bat sortzeko. Lehen adieraren haritik gure kideen produktuetara iristen ginen eta kontaktua egiten. Orain, aldiz, zuzen-zuzenean gure kideekin kontaktua egiten dugu eta haiekin elkarreragiten.
Labur adierazteko, “T”k eta “I”k orain ere teknologiara eta informaziora garamatzaten aldi berean, “K”, “E” eta “S”k komunikazioa, elkarlana, sorkuntza, elkarbanatzea, elkarren arteko trukea, elkarrekin portatzea... esanahiak hartzen dituzten beren baitan. Dena dela, erosotasunaren alde eta inori ezer hoberik otu ezean, IKT esaten jarraituko (IKSET esaten ibili beharrean) dugu.
Itzuli 1. unitatera
