Dokumentuak 1.b: Elkarlaneko ikaskuntza
eTwinning(e)tik
Itzuli 1. unitatera
Edukiak |
Elkarlaneko Ikaskuntza eTwining Proiektuetan
Ikasleek batzuek besteengandik ikasiz elkarrekin lan egingo duten eran antolatzen da jarduera elkarlaneko ikaskuntzan. Beharrezkoa da, beraz, guztien arteko interakzioa eta guztiek parte hartzea; hala lortzen da ikaslea bere ikaskuntzaren eta taldeko gainerako guztienaren arduradun sentiaraztea.
Elkarlaneko ikaskuntza ez da ikasteko era bakarra, beste estrategia bat baino ez da. Badago nahikoa adostasun zabala ikasleen motibazioa, errendimendua, gaitasun sozialak eta ikaskuntza-estrategiak hobetzen dituelakoan. Ikaskuntza mota hau bereziki izaten da egokia ikasle-talde batek jarri zaion helburua iristeko taldekide guztien laguntza eskatzen duen proiektu batean diharduenean. Ikusiko dugu nola hain zuzen ere egoera hori den eTwinning ekintzaren markoan garatzen diren proiektu askoren abiapuntua.
Elkarlaneko ikaskuntza ez da ikasle-taldeak osatu eta beren kabuz ikas dezaten itxarotea. Ikaskuntza honetan beste ikasteko modu batzuetan ohi den baino beharragoa da, baldin eta beharragorik badaiteke, jardun osoa proiektuetan, material egokietan oinarritutako kurrikulum baten bidez diseinatzea, eta ikasle-taldearen baitan gertatzen diren prozesuak irakasleak gainbegiratzea: planifikatutako jardueren garapena, taldekide guztien parte-hartzea, istiluen inguruko negoziazioak, ikasleek jokatutako rolak,...
Ikaskuntza modu honek konstruktibismo kokatuaren teoria du oinarri. Konstruktibismoaren teoria orokorrak dio norbanakoak lehendik duen ezagutzaren gainean ezagutza berria aktiboki bereganatuz eraikitzeko prozesua dela ikaskuntza, ikaslea delarik bere ikaskuntzaren protagonista. Konstruktibismo kokatuak ikaskuntzaren alderdi soziala eransten dio teoria orokor honi, eta ezagutza eraikitzeko prozesuan ikasleen arteko interakzioak eta ikaslearen eta irakaslearen artekoak duen garrantzia azpimarratzen du.
Ikuspegi kognitiboagoetan ez bezala, horietan kontsideratzen baita ikasleak bere ikaskuntza bakarka eraikitzen duela kurrikulumarekin, fenomenoarekin edo arazoarekin elkarreraginean, konstruktibismo kokatuan ezagutza nahitaez egoera batzuetan eraikitzen dela esaten da, ikaskideekin eta irakaslearekin batera esploratu eta gogoeta egiteko aukera ematen dioten esperientzia konkretuak eskaintzen dizkioten egoeretan.
Elkarlana zer den eta nola antolatu behar den
Proiektu batean elkarlanean jardutea parte hartzen dutenen arteko komunikazio hutsa edo koordinazio hutsa baino zerbait gehiago da. Proiektuaren muin-muineko eta funtsezko elementu izan behar du, prozesu osoa ulertzeko eta antolatzeko era bat, hasierako planteamendutik amaieraraino. Elkarlan hau hainbat mailatan egin daiteke, eta maila guztiak dira batzuk besteen osagarri. Parte-hartzaileen arteko interakzioen aberastasunak eta aniztasunak erabakiko du, gehienetan, proiektuaren kalitatea. Oro har, ez gaude ohituta elkarlanean jarduten. Hasieran, honelako proiektu bat antolatzen saiatzeak gauza konplikatu samarra ematen du, baina, funtsean, kontua metodologiak eta helburuak birplanteatzea baino ez da, ikasgelan ohi ditugun dinamika batzuei uko egin behar diegula asumitu eta, ordainetan, ikasgelan egon ohi ez diren beste batzuk hartu eta geureganatu behar ditugula. Elkarlaneko egitura batean hasten garenean lanean, berehala ohartzen gara lan egiteko era erraza dela, eraginkorra eta motibatzailea, bai ikasleentzat bai irakasleentzat.
Garrantzizkoena, hasierako ideietatik abiatuta, negoziazio bidez guztiek asumitu nahi dituzten –eta asumi ditzaketen– helburu, eduki eta metodologiak topatzea da. Azken batean, partaide guztien lanaren emaitza den, partaide guztiak eroso sentituko diren eta identifikatuko diren proiektuaren azken diseinu bat eta garapen bat asmatzea da kontua.
Elkarlaneko ildo batzuk honako partaide hauen artean eman daitezke eta eman behar ldira:
• Irakasle koordinatzaileak. Oso garrantzizkoa da proiektuaren arduradun diren irakasleek elkarren artean negoziatzea eta elkar ulertzea. Kurrikuluak oso desberdinak izan daitezke parte hartzen duten herri guztietan eta ziurtatu behar dugu gure beharrizanak eta gure kideenak ongi uztartzen direla eta batera eraman daitezkeela. Horrek ez du esan nahi ezinbestean gure ideia berbereko irakasle bat topatu behar denik. Kurrikuluartekotasun kontzeptua koordinatzaileetara ere zabal daiteke. Ingurumenari buruzko proiektu bat gara daiteke zientzien, etikaren eta ekonomiaren arloetatik, eta arlo horietako bakoitzak herri banatako kide bat izan arduradun. Ez da nortasuna, osagarritasuna baizik kontuan izan beharreko faktore nagusia.
• Irakasle-taldeak. Gauza normala izan ohi da ikastetxe bakoitzean beste irakasle batzuen lankidetza eskatzea gehiago edo gutxiago. Lankidetza horrek ez du zertan izan nahitaez inplikazio eta konpromiso maila berekoa kasu guztietan. Gerta daiteke batzuetan beste arlo edo talde batzuetako irakasleen presentzia etengabea beharrezkoa izatea, edo, jarduera jakin batzuetarako ekarpen eta laguntza besterik behar ez izatea.
• Irakasleak eta ikasleak. Ohikoena gure ikasleek, adin batetik gorakoek batik bat, oinarrizko tresna batzuk menderatzea izaten da, hala nola, posta elektronikoa edo berehalako mezularitza programaren bat –esate baterako, Skype–. Oso litekeena da, halaber, ikasleetako batzuk beste tresna batzuk sortzen eta kudeatzen jakitea, blogak edo wikiak, edo testuak editatzeko programetan edo multimedietan nolabait trebatuta egotea. Zergatik ez galdetu zer egiten dakiten? Izan dezakegu haien lankidetza proiektuaren maila guztietan; ez ikasle hartzaile huts eran, baita eduki sortzaile edo diseinatzaile eran ere. Segur aski, ideia berriak ekarriko dituzte eta, batez ere, proiektuan askoz ere inplikatuago sentituko dira.
• Ikastetxe bereko ikasleak. Ikasleak gehiago motibatzea lortuko dugu beren ikasketaren partaide aktibo egiten baldin baditugu. Talde-lana bereziki da tresna baliagarria horretarako. Lana antolatzeko erak aldatu egin behar dira proiektu batean eta jarduera jakin eta konkretuetara egokitu. Jarduera batzuetarako banakako lana oso egokia izan badaiteke ere, taldeko antolamenduak trebezia sozialak eta autoikaskuntza gararaziko ditu. Bikoteetan ari izan nahiz talde handiagoetan, irakasleak lana modu eraginkor eta orekatuan banatzen lagundu behar die ikasleei, informazioa eskuratzeko iturrien berri eman behar die eta lanen kalitatea eta zuzentasuna gainbegiratu. Taldean lan egiteak ikasleen trebetasunei etekin handiagoa ateratzea ahalbidetzen du; informazio bilaketa, erredakzioa, edizioa, argitarapena, azalpen publikoa, eta abar, ikasleei eslei dakizkieke beren ezaugarrien eta ezagupenen arabera.
• Ikastetxe desberdinetako ikasleak. Hau da elementu ardatza eTwinning proiektu batean. Baldin eta gure ikasleen artean gaitasun linguistikoak, kulturartekoak eta sozialak gararazi nahi baditugu, ikastetxe desberdinetako ikasleen arteko elkarreragina beharrezkoa izango den eran antolatu behar dugu proiektua. Eta hori ez da materialak nork bere aldetik landu eta gero ikasgelan konparatzea soilik. Elkarren ezagutza maila eta lankidetza maila handituko dugu jarduera egokiak hautatzen baldin baditugu. Esaterako, ikasleen arteko komunikazio jarduerak baldin baditugu aurrez pentsatuak (posta, txata, foroak, eta abar), jarduera horiek diseina ditzakegu helburu argi eta ongi zehaztuekin. Ikasleak beren aurzkezpenetan diharduten posta truke batean, eska diezaiekegu egin dezatela testu-dokumentu bat edo diapostiba bidezko aurkezpen bat beren taldea beste ikastetxeko ikasle-taldearekin konparatzen dutela. Behartuko lituzke horrek informazio jakina eta konparazio horiek egitea ahalbidetuko liekeena eskatu eta eskaintzera. Informazioa trukatzeko, edukiak negoziatzeko eta dokumentu komun bat elkarren artean egiteko mekanismo hori sortu nahi dugun edozein azken produktutan aplika daiteke. Era berean, nahi izanez gero taldeen arteko lehiaketaren bat egin, antola ditzakegu nazio desberdinetako kideekin, taldekidea, ondoko mahaiko ikaslea izan beharrean, ordenagailuaren beste aldean dagoena izango den eran.
Elkarlan handi samarreko proiektuak aztertzen ditugunean, ikusiko dugu, aurrez zehaztutako helburuak iristeaz gain, beste faktore batzuk, motibazioa eta sortutako materialen amaierako kalitatea, esaterako, nabarmen hobetu ere egiten direla.
Ordenagailuz lagundutako Elkarlaneko Ikaskuntza
Izenak berak adierazten duen bezala, IKTen aukerak dakartza horrek lehen aipatu eredu pedagogikora. Garrantzi berezia du horrek eTwinning proiektuetan, bi herri desberdinetako bi ikastetxeren arteko elkarlana IKTen bidez egin behar baita ezinbestean. IKTei esker, elkarrekin lan egite kontzeptuak esanahi berria hartzen du, egin baitaiteke lan milaka kilometrora dagoen ikastetxe batekin lan egin posta elektronikoaren bidez edo txat bidez gai jakin bati buruz aditu batekin; hala, ikastetxearen hormak ez dira gehiago muga fisikoa baliabideetara eta pertsonengana jotzeko, ikastetxetik hurbileko nahiz urruneko ingurune batean egon.
Komunikatzeko aukera berriez gain, IKTek, informazioa eskuratzeko eta informazio hori tratatzeko duten ahalmenari esker elkarlana sendotu eta sustatzeko tresna berriak dakartzate. Esate baterako, foro batean egindako esku-hartze guztiak bertan jasota geratzea (ikasgelan egindako eztabaida batean ez bezala), ikasleak itzuli ahal izango dira esku-hartze horietara, erantzun ahal izango dituzte eta ñabardurak egin. Elkarlanerako aukera gehiago eskaintzen ditu horrek (parte-hartzaileak ikasgela berean egon nahiz ez egon) eta aukera gehiago, era berean, argumentuak justifikatu, eztabaidatu eta berregiteko ahaleginez sortutako diskurtsoa asimilatzen ikasteko.
Elkarlaneko plataformak dira tresna horien beste adibide bat. eTwinning atariak eskaintzen die horrelako tresna bat ikastetxe senidetuei. TwinSpace du izena. Plataforma horren bidez Interneten espazio birtual komun bat sor daiteke dokumentazioa eta informazioa bildu, antolatu, zuzendu eta partekatzeko (testu-dokumentu eran, iruditan, ohar moduan, eta abar)..Tresna horren bidez ikastetxeek badute espazio birtual bat dokumentazioa eta informazioa non partekatu, era errazean, paperik gabe eta aisa iritsi eta eskuratzeko moduan edozein momentutan eta edozein lekutatik ere, eskola tradizionalaren testuinguruan nekez pentsa litekeen eran.
Ohar praktikoak
Ordenagailuz Lagundutako Elkarlaneko Ikaskuntza ereduari era errealistan heltzeko, eTwinning proiektuen kasuan ikasgelako eguneroko lanaren alderdi praktikoen berri izatea eskatzen du, kontuan izan beharreko aspektuak:
Antolakuntzan
Ordenadoreekin taldeetan lan egiten duten ikasleei klaseak eman izan dizkieten irakasle askok aditzera ematen dute klasearen maneiua klase tradizionalean ohi denaz oso bestelakoa dela. Ikaslea ordenadorearen aurrean egoten da, eta ordenadoreak informazioa emateaz gain arreta bestetara eraman ere egiten dio.Sarritan egoera deserosoak ere gertatzen dira, irakasleak, informazio iturri bakarra izateari utzita, autoritatea galtzen baitu. Eta batez ere, ikasleak zertan ari diren erabat ezin kontrolatu duelako.Ikasgelako arau batzuk jartzen badira eta egin beharreko lanaren plangintza bat egiten bada, saio bat edo bi egindakoan egoera normaldu egiten da. Ikasleen lana erraztu eta antolatzeko lana hartzen du irakasleak bere gain, eta ikasleek, berriz, arduraz hartzen eta ulertzen dute beren egiteko aktiboa.
Kurrikuluan
Aurreko puntuarekin zerikusi handian duen kontua da hau: proiektuetan oinarritutako kurrikulu bat izan behar dugula, edo prestatu behar dugula, era orokorrean adieraziak (esate baterako, atzerriko hizkuntza bat idatziz erabiltzea) eta era zehatzean (esate baterako, biztanleriaren piramidearen kontzeptua ikastea), proiektua bera garatu ahal guk helburu hartu ditugun kurrikuluaren alderdiei ere erantzuna emateko. Aldez aurreko lan hori izango da ikasleen lanaren norabide eta errazgarri. Aurreikusi beharra da halaber lan-proiektu horrek sortuko dituela era tradizionaleko produktu batzuk, hala nola, dossier edo material grafikoak, eta sortuko dituela multimedia erakoak ere (web orriak edo bideo grabazioak, esate baterako).
Proiektuak partaide guztien behar kurrikularren zerbitzura egon behar du. Garrantzi handikoa da proiektuari ekin aurretik ere kideen arteko komunikazioa, herri batzuen eta besteen kurrikuluen artean ere aniztasuna eta desberdintasun handia baitago. Gorago adierazi dugu ez dela beharrrezkoa eduki berak irakasten ari den kidea bilatzea, helburu berberak dituena eta gure ikasleen adin berekoekin diharduena. Batzuen eta besteen helburuak osagarri izatea da bilatu behar dugun helburu nagusia, eta ez helburu berdintasuna.
Teknologietan
Proiektuaren plana egiterakoan kontuan izan behar da ikastetxean zer teknologia dauden eskura: zenbat ordenagailu dauden, Interneteko konexioaren zabala, gure proiekturako software egokia (posta elektronikoko bezeroak, irudien tratamendua, eta abar). Gure ikasgelan eskuragarri ez badaude ziurtatua beharko dugu informatika-gelarako sarbidea, bideo-proiektagailua eskura izango dugula...
Orobat, ohitu ere egin beharko dugu horrekin guztiarekin ikasleekin praktikan jarri aurretik. Aztertu beharko dugu gainera teknologia horiek integratuta gure proiektuari zer balio erantsi dakarkioten; ez beste ikastetxearekiko komunikabide diren aldetik soilik, baita bere horretan informazioa emateko tresna diren aldetik ere. Esate baterako, Interneteko zenbait informaziotarako sarbidea ahalbidetzea. Ez da hainbesteko ekipamendurik behar ikastetxeetan; proiektu bat diseinatzen dugunean garrantzitsuena ditugun ahalbideen ideia egoki eta zehatza izatea da, ekipoen aldetik, erabilerraztasunaren edo ezagupen informatikoen aldetik, eta proiektuaren diseinua zer-nolako horietara egokitu.
Pedagogikoak
Gure proiektua garatzen dugunean gure ikasleekin planteatuko ditugun jarduerek kasu askotan elkarlaneko ikaskuntzaren printzipioak jarraituko dituzte, baina gogoan izan behar da beti eta ez inoiz ahaztu eTwinning proiektuetan elkarlana ez dela ikasgela bereko ikasleen artean soilik gertatzen, baita beste herrian gurearekin senidetutako ikastetxekoekin ere. Horregatik bada, arduraz jokatu behar dugu kontaktu hori ez dadin bi herrien artean material bukatuen truke edo informazio truke hutsa izan, eta bai, aitzitik, bi ikasle-taldeen artean ere elkarreragina eta parte-hartzea egon dadin (beste ikastetxetik jasotako informazioa baloratuz, informazio hori norbere lanean txertatuz, informazio horri buruz iritzia emanez,...) eta elkarlan eta lankidetza hori beharrezko egingo duen helburu komun bat jomuga dugula.
Talde-lana
eTwinning proiektu bat garatzeko ez da nahitaezkoa ikasleek taldean lan egitea. Egin daiteke lan taldean edo ez, proiektuen edukiak nolakoak diren eta irakasleak metodo hori erabili nahi duen ala ez. Dena dela, senidetze proiektu gehienak talde-lanaren bidez ari dira gauzatzen.
Horrela lan egiteak oso abantaila garrantzitsuak. Esate baterako, ikasleek hobeki ikasten dute aktiboki parte hartzen dutelako, gaia hobeki ulertzen dutelako eta informazio denbora luzeagoan izaten dutelako gogoan.
Elkarlanerako jarraibide orokorrak.
• Irakasleak ikasleei jakinarazi behar die hasieratik taldean egingo dutela lan, jakinarazi behar die, era berean, zer teknika baliatuko dituzten eta taldean lan egiteak duen garrantzia eta azalduko die elkarlanak zer onura dakartzan. • Irakasleak talde-lanaren etapa bakoitzaren plangintza egin behar du: zer gai, arlo edo proiektu aurkez daitezkeen, ikasle-taldeak nola antolatu, eta nolako ebaluazioa egingo zaien azaldu ere bai.
• Elkarren arteko dependentzia eskatzen duten atazak sortu behar dira, helburu konkretu bat iristeko taldean lan egiteak zer garrantzi duen azaldu eta ziurtatu lana berdin banatuta dagoela, hartara guztiek egin eta izan dezaten beren ekarpena azken buruko emaitzan.
• Era askotako taldeak antola daitezke, zirkunstantziak nolakoak diren: homogeneoak edo heterogeneoak, handiak edo txikiak, eta abar... Edozein moduz ere, hasieran eratutako taldeak berregitura daitezke gerora, dela hurrengo jardueretara moldatzeko dela nahi litzatekeen bezala funtzionatzen ez duten kasuetan konpondu eta zuzendu beharrekoak konpondu eta zuzentzeko.
• Izan dezagun kontuan, komunikazio tresnak eta elkarlaneko plataformak erabiltzen direnez gero, lantaldeak izan daitezkeela ikastetxe desberdinetako ikasleek osatuak. Horrek nabarmen hobetuko du proiektua, IKTak ezinbestez erabiltzera behartzen duelako ez ezik, negoziazio prozesuetan garrantzi handiko faktore intelektual bat sartzen delako ere bai.
• Irakaslearen jarduketa. Taldeetan elkarlanean jarduten denean, irakaslearen egitekoa gauzak erraztea da; bitartekaria da. Halaber, kontzeptuen aldetik dauden okerrak, uste okerrak eta okerreko arrazoiketak saihesten ere lagundu behar die ikasleei. Beraz, taldeak antolatutakoan eta ikasleek lanean hasitakoan, irakasleak baliabide eta gida moduan esku hartu behar du, iradokizunak egin behar dizkie ikasleei beren kabuz egin ditzaten aurkikuntzak eta aurkikuntza horien arabera eta taldearen beraren funtzionamenduaren arabera berrantola ditzaten beren egitekoak eta atazak.
Taldeak antolatutakoan irakasleak egiaztatu behar du eta segurtatu kide guztiek ulertzen dutela zer nahi den egin dezaten eta identifikatzen dutela eskura duten informazioa, gero, informazio hori aski den ala ez erabakitzeko. Ondoren taldeetan esku hartuko du ikasleek honako galdera hauek planteatzen ditzaten lortzeko: zergatik, zertarako, nola.
Lan prozesuak aurrera egin ahala, ikasleek hasieran plateatzen zituzten galderak gero eta galdera espezifikoago bihurtuko dira, askotan eta askotan ikuspuntu berri bat beharko duten galderak, eta irakasleak lana berbideratu egin beharko du.
Irakasleak gainbegiratzaile eta ebaluatzaile lana egin behar du, egiaztatu behar du ikasleek betetzen dituztela taldean dituzten lanak, edukiak behar bezala lantzen direla eta talde bezala planteatuak dituen helburuak iristeko moduan ari dela taldea. Garrantzi berezia hartzen du horrela etengabeko ebaluazioak. Taldeak ez badu espero zen bezala funtzionatzen, irakasleak, ikasleekin elkarlanean, horren arrazoiak topatu behar ditu eta komeni den erremedioa jarri: taldearen baitan hausnarketa sortu eta zuzendu, egitekoen banaketa berregin edo taldearen osaera bera aldatu.
Gehiago jakiteko
Nola diseinatu proiektu motibatzaileak
Lotura honetan ideia batzuk datoz ikasleak proiektu batean inplika daitezen eta bertan konprometituta senti daitezen lortzeko. Motibazioa ez dute jarduera erakargarri batzuek soilik sortzen, baita erabakiak hartzeko prozesu guztian parte hartzeak berak ere. Proiektuen bidezko ikaskuntzaren printzipio batzuei jarraikiz, aurkezpen honetan ikasleen beren motibazioa eta proiektuaren fase bakoitzeko parte-hartzea sustatzeko bide batzuk arakatzen dira.
http://www.etwinning.es/es/formacion/talleres-de-desarrollo-profesional/457-como-disenar-proyectos-motivadores
| Itzuli 1. unitatera | Hurrengoa: Dokumentuak 1.c: eTwinning Comenius-en barruan |
