Dokumentuak 1.a: Zer da eTwinning?
eTwinning(e)tik
Itzuli 1. unitatera
1985eko udazken arratsalde batean, egonaldiko trukean etorritako ikasle moduan agertu zitzaidan Europa. Ikaskide batek bere etxera bolada baterako bizitzera etorria zen mutiko ingeles bat aurkeztu zigun, gure institutuan hiru hilabetean ikasten jardungo zuena. Gogoan dut nola iruditu zitzaidan amets erakargarria eta... eskuraezina. Nire familiak ez zezakeen halako gasturik egin, eta, beken aukera ere egon zitekeen arren, ez nuen inondik ere ikusten nire irudimenean ingeles bat egunero gure etxean eguna joan eta eguna etorri afaritan patata-tortilla jaten. Harrezkero hogei urte baino gehiago joan dira, eta, aurtengo udazkenean, azkenean, amets hura egia bihur dezaket Comenius proiektu moduan. Orain, Naqueran, gorputz-hezkuntzako maisu behin betiko lanpostua dudanez gero, pentsa ditzaket epe erdiko eta luzeko proiektuak eta ez dut inolako asmorik Europako Batzordeak Batasuneko beste herriekin hezkuntza-proiektu bateratuetan parte hartzeko eskaintzen didan aukera atzeratzen eta luzatzen ibiltzeko.'Lehen urratsa Batzordearen hezkuntza-ekintzaren batean parte hartzeko proposamena nire ikastetxeko klaustroko maisuei luzatu eta azaltzea izan da. Klaustrokokideen onespena eta laguntza jasotakoan, bigarren urratsa eTwinning atarian inskribatzea izan da. Eta hirugarrena, kideak bilatzea izango da, proiektuaren ideia azaldu eta kideak bilatzea. Ondoren, proiektua sortuko dugu era formalean, eta, azkenean, dena behar bezala badoa, 09/10 ikasturtean abiaraziko dugu. Eguberrietako opor egunak neronentzako opari bat egiteko aprobetxatu ditut: eTwinning-en inskribatzeko. Eta are opari handiagoa izan da niretzat atariko beste kide batzuengandik mezuak jasotzen hastea. Aitortu behar dut hunkitu ere egin nauela ikusteak hain leku desberdinetako jendeak, Erresuma Batuko, Errumaniako, Greziako edo Turkiakoek, Joko eta Kirol Tradizionalen Trukeko proiektuaren proposamena erakargarria iruditu zaiela. Egun batzuk barru poz-pozik itzuliko naiz ikastetxera eta honen guztiaren berri emango diet nire klaustrokideei. Urte berria hasiko dugu eta baliteke urte berri honetan ametsak egia bihurtzea.
Juan Dols
"Emilio Lluch de Náquera" Ikastetxe Publikoa (Valentzia, Espainia)
(eTwinning España blogean argitaratua)
Edukiak |
Zer da eTwinning?
eTwinning proiektua eskolen arteko senidetzeak sustatzea helburu duen ekimena da eta herri europar desberdinetako bi ikastetxe edo bi baino gehiagoren arteko elkarlaneko proiektuak garatzea partaideek aldez aurretik adostutako edozein gairen inguruan. 2005ean hasi zen eLearning programaren oinarrizko atal moduan eta 2007az geroztik Etengabeko Ikaskuntza Programan sartuta dago Comenius-en neurri lagungarri moduan. Berez, ekintza deszentralizatua da eta, hala denez geroz, ez du nahitaez Etengabeko Ikaskuntza Programako Agentzia Nazionalek koordinatua izan beharrik. Agentzia horiek ekintza honetan duten egitekoa unitate honetako beste atal batean aztertuko da. Esparru europarrean Laguntza Zerbitzu Nagusiak (LZN), (www.etwinning.net), antolatzen du eTwinning; Brusselan du bere egoitza. Esparru nazionalean, berriz, dagokien Laguntza Zerbitzu Nazionalek koordinatzen dute. Espainian, Laguntza Zerbitzu Nazionala (LZNZ) Hezkuntza Ministerioaren Hezkuntza Teknologien Institutuaren menpe dago eta autonomi erkidego guztiekin koordinatuta (www.etwinning.es). Sortu zenetik etengabe hazi eta hazi ari izan da eTwinning. Zazpi urte hauetan, eTwinning-ek 149000 baino gehiago kide bildu ditu Europa osoan, 4125 proiektu aktibotan dihardutenak. Espainian 7500 baino gehiago ikastetxe daude erregistratuta eta 12300 irakasle. Proiektu aktiboak 1200 dira. Eta kopuru horiek hazi eta hazi ari dira etengabe. Egungo partaide kopuruaren berri izan nahi baduzu, jo dezakezu Zerbitzu Nagusiaren web-orrira http://www.etwinning.net nahiz Zerbitzu Nazionalarenera http://www.etwinning.es
eTwinning Unibertsitatearen aurretiko hezkuntza-maila guztientzat da. Haur, Lehen, Bigarren Hezkuntzako arlo, gai eta familia profesional guztiek dute tokia eTwinning-en. Laneko hizkuntzak kideek berek hautatzen dituzten dira. Jakina, espainola ere bai; gero eta gehiago erabiltzen da Europan eta hala erakusten dute eTwinning proiektuek.
Parte hartzen duten herrien kopurua ere hazi egin da; hogeita hamabi dira orain. Programara biltzen azken herria Suitza izan da, 2011n, hain zuzen ere. Hona hemen zerrenda osoa:
| Alemania | Austria | Bulgaria |
| Belgika | Zipre | Kroazia |
| Danimarka | Eslovakia | Eslovenia |
| Espainia | Estonia | Finlandia |
| Frantzia | Grezia | Hungaria |
| Irlanda | Islandia | Italia |
| Letonia | Lituania | Luxemburgo |
| Malta | Norvegia | Herbehereak |
| Polonia | Portugal | Erresuma Batua |
| Txekiar Errepublika | Errumania | Suedia |
| Suitzan | Turkia | |
Zer da eTwinning proiektu bat?
eTwinning proiektu bat herri europar desberdinetako bi edo bi baino gehiago ikastetxek aldez aurretik adostutako gai bati buruzko elkarlana da. Elkarren arteko lankidetza hori Interneteko plataforma baten bidez eta beste IKT tresna batzuen bidez gauzatzen da. Hasierako eTwinning-eko tresna haietan aldaketak izan dira eta bilakaera bat izan da, baina proiektuaren oinarria lehengoa bera da. Ikastaro honetako hurrenez hurreneko unitateetan xeheki aztertuko ditugu aspektu horiek guztiak, baina aurreratu dezagun hemen bertatik unitate honen gainerako guztia bere testuinguruan kokatzea ahalbidetzen digun informazio funtsezkoa. Irakaslea eTwinning-ekin harremanean sartzen den une beretik, hainbat fase betetzen ditu, hainbat funtzio dituzten eta pribatutasun-maila desberdinak dituzten tresna eta baliabideak erabiliz. Pribatutasun-maila txikienetik handienera ordenan ipinita, honako hauek dira tresna eta baliabide horiek:
- Atariak: eTwinning-ekiko lehen kontaktua atarien bidez egiten da, dela web espainiarraren bidez (www.etwinning.es), dela europarraren bidez (www.etwinning.net). Bi atariek eskaintzen dute informazio interesgarria, eskaintzen dituzte berriak, ideiak eta apoioa, guztia era publikoan eta atarietara heltzen den ororentzako eskuragarri. Hemendik hurrengo fasera igarotzen da.
- Erregistroa: Erabiltzaileek eTwinning-en erregistroa egiteko beren datu pertsonal batzuk eta beren lantegiaren beste batzuk eman behar dituzte. Datuak sartu, profil bat bete eta proiektuan zer ideia landu nahi dituzten azaldu behar dute. Norberaren mahaigainerako sarbidea berehala egin daiteke erabiltzaile-izena eta pasahitzaren bidez, nahiz eta Zerbitzu Nazionalak datuak benetakoak direla egiaztatzen duen.
- Mahaigaina: Beste irakasleekin harremanetan jartzeko plataforma da, ideiak konpartitzeko eta eztabaidatzeko, taldeak sortzeko eta, azkenik, proiektuari ekiteko. Erabiltzaileak eskura ditu hor hainbat tresna, hala nola, foroa, barne-mezularitza, kontaktuen zerrenda edo norberaren profilaren kudeaketa. Erregistratutakoan, irakasle batek har dezake parte eTwinning Taldeetan, Topaketa Didaktikoetan edo, baita Irakasleen Gela bat sortu ere, proiektu bat hasia duen ala ez alde batera utzirik.
- Proiektu bat nola erregistratu: Topatu baldin baduzu lankide izan nahi zenukeen norbait eta elkarren artean adostu baldin baduzu nola egingo duzuen lan, orain duzu proiektua erregistratzeko unea. Orain arte bezala, dena mahaigainaren bidez egiten da. Proiektua onesteko nahitaez bete beharreko eskakizun bakarra da bi irakaslek hastea eta biak herri desberdinetakoak izatea. Irakasle horiek dira "kide fundatzaileak". Proiektua onetsitakoan, irakasle gehiago ere bil daitezke, kopuruaren aldetik mugarik gabe eta edozein naziotakoak ere direla ("kide gehituak"). Ez dago proiektuen aldez aurretiko ebaluaziorik; oro har, gorago aipatu den eskakizuna betetzen duten eta irakaskuntza jardunean onartzen diren eduki eta xedeak jasotzen dituzten proiektu guztiak onartzen dira. Onespena eman aurretik, Laguntza Zerbitzu Nazionalak, autonomi erkidegoekin elkarlanean jardunda, berriro ere begiratzen ditu datuak benetakoak diren eta eskola-komunitatea jakinean dagoen egiaztatzeko.
- TwinSpace: Proiektua onetsitakoan bi kide sortzaileen herrialdeetako Laguntza Zerbitzu Nazionalek proiektuari onespena emandakoan, besterik gabe bi lan-esparru sortzen dira: Aurrerapen Bloga (Twinblog) eta TwinSpace. Lehenengoa blog bat da, irakasle lankideek proiektuaren garapeneko etapa eta xehetasun garrantzitsuenak jaso eta adieraz ditzaketen bloga. . "TwinSpace", berriz, elkarlanerako plataforma; ikasleak sar daitezkeen eta lan egin dezaketen ingurune segurua. Esparru horretan irakasleek baimendutako partaideak baino ez daitezke sar: beste irakasle batzuk, ikasleak, gurasoak... Irakasle horiek erabateko kontrola dute erabiltzaileen baimenen gainean. Plataforma horretan eskura daude hainbat komunikazio tresna (posta, foroa, txata) eta edukien kudeatzaile bat dokumentu, argazki, soinuak eta abar konpartitzeko. Eduki horiek guztiak argitara daitezke edo esparru pribatuan gorde.
Aurreko paragrafoetan mintzagai izan ditugun inguruneak erraz bereizten dira beren diseinua eta kolorearen bidez. Hurrengo unitateetan aztertuko ditugu xeheki.
eTwinning-en oinarri pedagogikoak
Gogoratu behar dugu eLaerning programaren sorrerako helburua –eta eTwinning ardatzeko ekintza da programa horretan– Europar Batasunak bere herritarrak oinarrizko gaitasunetan formatzeko duen beharrari erantzutea dela, hezkuntza-arloko eske horri erantzutea:
- Gaitasun komunikatibo linguistikoa
- Gaitasun matematikoa
- Mundu fisikoaren ezagutza gaitasuna eta harekin elkarreraginean aritzekoa
- Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala
- Ikasten ikasteko gaitasuna
- Gaitasun soziala eta jendetasuna
- Autonomia eta ekimen personala
- Gaitasun kulturala eta artistikoa
Hori abiapuntu dela, eTwinning estuki erlazionatuta dauden hiru ardatz nagusitan egituratuta dago:
- Dimentsio europarra
- IKTen erabilera
- Elkarlana
Dimentsio europarra
eTwinning 32 herri europarretako irakasle eta ikasleek osatzen duten komunitatea da. Irakasleentzat beste nazio batzuetako lankideak ezagutzeko, ideiak elkarri helarazteko, interes komunei buruz eztabaidatu eta elkarren artean proiektuak egiteko ingurunea da. Ikasleentzat, berriz, ikasgelako ateak zabaltzeko aukera bat, gehienetan zuzeneko ezaguerarik ez duten errealitate batekin kontaktua egiteko aukera. Bestelako kultur eta hizkuntz komunitate batekoa izan arren, ordenagailuaren beste aldean gure xede berak dituen pertsona bat izateak gaitasun linguistiko eta kulturalak biltzen dituzten negoziazio estrategiak erabiltzera behartzen du.
IKTen erabilera
IKTak erabilpen arrunteko tresna bilakatu dira egungo gizartean ia jarduera gehienetan, baina, hala ere, ikasgela da oraindik ere tresna informatikoak gutxien baliatzen diren ingurunetako bat. Bide horretan, eTwinning-ek aukera ona eskaintzen du IKTak irakas jardueran integratzeko. Alde batetik, eduki kurrikularrak garatzeko pentsatua da. Bestetik, plataforma eta tresna birtual seguru eta erabilerrazak eskaintzen ditu, eta aholku eskatzen duten irakasleei aholku ematen dien laguntza-talde bat. Hainbat eratako proiektuak egin daitezke eta malgutasun horrek ahalbidetzen du eskura dauden bitartekoetara moldatzeko, ikasle-motari egokitzeko, ekipamendua eskuratzeko dagoen aukerara... Hortaz, besteak beste, programa egokia da gaitasun digitala garatzeko.
Elkarlana
Hau da eTwinning proiektu batean alderdi funtsezkoena; hain zuzen ere, kapitulu berezi bat eskaintzen zaio aurrerago. Komunikazio tresnek eta beste kultura batzuetako jendeekiko harremanak erabateko zentzua hartzen dute elkarlaneko testuinguruan. Esan dezagun, aurrerago egin baino lehen, kontzeptu hau koordinazioa baino gehiago dela. eTwinning proiektu on batean elkarlana hainbat mailatan antolatzen da: irakasleen artean, parte-hartzaile guztien jomugak eta beharrak aseko dituzten eduki, xede eta metodologiak adosteko; ikasle eta irakasleen artean, bi taldeek beren ideia eta ekimenak ekar ditzaten, proiektua elkarrekin diseina dezaten eta elkarrekin ebaluatu; ikasleen artean, bai ikastetxe berean bai senidetutako ikastetxeen artean. Benetako elkarlana egon dadin, ikasleek elkarrekin egin behar dute lan guztien ekarpenak jasoko dituzten emaitzak sortzeko. Hala, benetako harremana eta kultura arteko negoziazioa sortzen dira eta IKT tresnek eskaintzen dituzten interakzio aukeren erabilera aski handia.
Ezaugarriak eta proiektu motak
eTwinning-en ezaugarrien artean gehien baloratzen diren bi ezaugarri eskakizun burokratikorik eza eta malgutasuna dira. eTwinning-en bete beharreko agiri administratibo guztiak linean bete behar dira; erabiltzaile izateko erregistroa eta, ondoren, proiektuaren inskribapena baino ez dira. Laguntza Zerbitzu Nazionalak eta autonomi erkidegoek egiaztatu eta baliozkotzen dituzte datuak, baina prozesu hori ezkutuan geratzen da; irakasleek ez dute ikusten. Hortik aurrerakoan, ez dago nahitaez bete beharreko beste inprimakirik, ez gastu justifikaziorik ez memoriarik. Irakasleak errekonozimenduren bat nahi izanez gero bakarrik izango da beharrezkoa dagokion dokumentazioa betetzea. Aurrerago hitz egingo dugu errekonozimendu horietaz eta adieraziko dugu nola eskura daitezkeen. eTwinning ez dago deialdi eta epe jakinei lotuta. Horrek ematen dio programari halako malgutasuna. Hala da: eTwinning proiektu bat urtean edozein garaitan has daiteke, eta irakasleek egoki irizten dioten iraupenarekin. Hasierako plana ere berrikus daiteke. Proiektuak aurrera egin ahala, irakasleek erabaki dezakete aurrez uste zuten baino lehenago ixtea edo denboran luzatzea, kide berriak onartzea, eta abar. Azken batean, proiektu batek ez badu pentsatzen zen bezala funtzionatzen eta berbideratzeko modurik ikusten ez bada, hori itxi eta beste bati ekin besterik ez dago.
Proiektu motei dagokienez, esan dugun malgutasun horrek aukera zabala ematen du bai landutako gaien eta arloen aldetik bai parte-hartzaileen aldetik. Guzti-guztiak dira eTwinning-en onartzekoak eta kasu mota guztietan daude emaitza onak izandako adibideak. Hala, topatuko ditugu arlo edo gai bakarra hartzen duten proiektuak, bat baino gehiagokoak, kurrikulu osoa hartzen dutenak, zehar-gaiak, eta baita eskola bizitzako beste alderdi batzuk hartzen dituztenak ere, hala nola, bibliotekak, ikastetxeen antolakuntza,... Parte-hartzaileen profila ere askotarikoa da. Besteak beste, honako hauek ditugu:
- Irakasleak eta ikasle-taldeak: Hau da eTwinning-en proiekturik arruntena. Ikastetxe desberdinetako bi irakasle elkartzen dira kurrikuluaren aspektu jakin batzuk elkarrekin garatzeko. Proiektu mota honen barruan topatuko ditugu diziplinarteko edukiko proiektuak ere, ikastetxe bakoitzean gai desberdinetako hainbat irakasle eskatzen dituztenak, edo departamentu bereko irakasleek ikasgai edo gai bateko edukiak ikastetxe bereko talde desberdinetan/desberdinekin landuko dituzten proiektuak,
- Irakasle-taldea: Interes komunak dituen irakasle-talde bat (gaiak, ikasgaiak, proiektu europarrak, zehar-gaiak...) biltzen da proiektu batean eta informazioa, materialak, eztabaidak, eta abar... konpartitzen dira elkarlaneko esparru komunean (Twin Space). Proiektu horiek parte-hartzaile ugari bil dezakete eta abiapuntu ona dira ikasleekin beste eTwinning proiektu batzuei ekiteko.
- Zuzendaritza-taldeak, orientatzaileak, liburutegietako arduradunak: Talde hauetako kideek topa ditzakete kide europarrak kide-bilatzailearen bidez eta beren jarduera-arloak landuko dituzten proiektu komunei ekin. Helburuak eta edukiak askotarikoak izan daitezke: hezkuntza-sistemen arteko konparaketa, jardunbide egokien berri elkarri ematea, elkarren artean ekintza eta neurri jakinak finkatzea edo ikastetxe partaideetako ikasle-irakasleak inplikatuko dituzten beste proiektu batzuk eragin ditzakeen testuinguru bat sortzea.
Zer eskaintzen die eTwinning-ek parte-hartzaileei?
eTwinning-en oinarria funtsezko bi zerbitzu dira: aholkularitza eta formazioa eta errekonozimendua eta ageriko egitea. Bi zerbitzu horiek Laguntza Zerbitzu Nagusitik eta Laguntza Zerbitzu Nazionaletik eskaintzen eta era batera eta bestera eskaintzen dira.
Aholkularitza eta formazioa
- Urrutiko Formazio Ikastaroa: Laguntza Zerbitzu Nazional espainiarrak urtean bitan egiten du eTwinning 2.0 formazio ikastarorako deia. Ikastaroa Hezkuntza Teknologien Institutuak antolatzen eta kreditatzen du, autonomi erkidegoekin elkarlanean. Beste alde batetik, ikastaroko materialak interesatu guztiek dituzte eskura, matrikulatu gabe egon arren, LZNZren atarian (http://www.etwinning.es). Ikastaro horri buruzko informazioa nahi izanez gero, bisita daiteke aipatu orria edo Irakasleen Formazioko orria (http://formacionprofesorado.educacion.es/index.php/es/materiales/materiales/51-etwinning-20 ) ITEn (Hezkuntza Teknologien Institutua).
- eTwinning Hezkuntza Topaketak: Laguntza Zerbitzu Nagusiak antolatuak dira, topaketa birtualak, dagozkien gaietan adituak direnen ardurapean eta astebete eta bi aste bitarteko iraupena izaten dute. Topaketa horietan irakasleek elkar ezagutzen dute, materiala konpartitzen dute, eztabaidatzen, sortzen eta komentarioak egiten dituzte.
- Posta elektroniko edo telefono bidezko informazioa: Se puede consultar cualquier duda al SNA mediante la dirección de correo electrónico habilitada al efecto: asistencia@etwinning.es. eTwinning-en atari espainiarraren Hasiera orrialdeko KONTAKTUA atalean utz daiteke mezu bat; LZNZko langile batek jasoko du eta egingo dio arreta. Horrez gain, egin daitezke kontsultak telefono honetan ere: 913778377. Eta ongi erreparatzen baldin badiozu, wiki honen ezker ertzean LZNZrekin kontaktatzeko aukera ageri da.
- Kitak: atari espainiarrean zein europarrean argitaratzen dira proiektuak eta jarduerak egiteko ideiak. Bateko eta besteko gaiak jasotzen dituzte eta ezaugarri desberdinak dituzte batzuek eta besteek eta irakasleentzako gida izatea da horien helburua. "Kit" izena ematen zaie eta "Moduluak" (proiektuetan txerta daitezkeen jarduera jakinetarako). Atari espainiarrean, PROIEKTUAK eta IDEIAK moduluak jarduera errazak eskaintzen ditu, proiektu bereziki aipatuak eta sariak irabazitako proiektuak, etorkizunean proiektu berri bat egiteko eredu eta adibide modura balia dakizkizukeenak.
- Txata: aldian-aldian, LZNZk online topaketak antolatzen ditu Skype-en bidez. Topaketa horiek aurrez iragartzen dira web orrian. Horietan parte hartzeko programa instalatu behar da (www.skype.es) eta Información eTwinning (info_etwinning) erabiltzailea bilatu eta gehitu.
- Proiektu Egunkaria: Blog bat da zeinetan lankideek alderantzizko ordena kronologikoan jasotzen dituzten proiektuaren garapeneko fase batzuetako eta besteetako alderdi garrantzitsuenak eta xehetasunik nabarmenenak. Kide baten sarrera edo post-ak beste kideek edo beste erabiltzaileek komenta ditzakete. Proiektua amaitutakoan oso ebaluazio tresna baliagarria izan daiteke hori. (Ikus 6. unitatea, Dokumentuak 6. d).
- Proiektuko txartelak. Proiektu bat aktibo duen irakasle baten eta Laguntza Zerbitzu Nazionalaren arteko komunikazio zuzeneko tresnak dira. Tresna erabilerrazak dira eta berorien bidez irakasleak plantea diezazkioke LZNZri bere proiektuan sortu zaizkion zalantza tekniko eta pedagogiko guztiak; LZNZk txartelen jarraipena egiten du, erantzuten die zalantza horiei eta eskatutako laguntza ematen du. Komunikazio kanal hori proiektuko lankideek eta proiektu horiei dagozkien LZNZek beste inork ez dezake erabil.
Errekonozimendua eta ageriko egitea
- eTwinning Zigilua. Proiektu bat onartu eta abiarazitakoan, eTwinning Zigilua hartzen du. Zigilua formatu elektronikoan dago eta irakaslearen mahaigainetik bertatik karga daiteke behera.
- Kalitate Zigilu Nazionala. Irakasleek eska diezaiekete beren Zerbitzu Nazionalei Kalitate Zigilu bat. Zigilu hori kalitate maila jakin bat iristen duten proiektuei ematen zaie. Prozesu guztia erabiltzailearen mahaigainetik egiten da. Parte hartzen duten herri guztientzako irizpide komun batzuk badaude, online inprimakiak ageri direnak berak. Irizpide horiek eta beraien zehaztapenak hurrengo dokumentuan ikus daitezke: Kalitate Zigilurako Irizpideak. Dokumentu hau proiektu berri bat hasiko duten irakasleentzako gida baliagarria da baita.
- Kalitate Zigilu Europarra. Proiektu batek gutxienez bi herri desberdinetako Kalitate Zigilu Nazionalak jasotzen dituenean, beste gabe ematen zaio Kalitate Zigilu Europarra.
- Sari Nazionalak. LZNZak urtero egiten du eTwinning Sari Nazionaletarako deia. Horretarako irizpideak Kalitate Zigilukoen antzekoak dira, baina, kasu honetan sari kopurua mugatua da; 10 proiektu baino ez dira saritzen. Ohiko saria irakasle koordinatzaileentzako Urteroko eTwinning Konferentziara joateko gonbitea izaten da, non, besteak beste, Sari Europarrak banatzen baitira.
- Sari europarrak: Laguntza Zerbitzu Nagusiak urtean behin egiten du eTwinning Sari Europarretarako deia. Hiru adin mailatan egiten da deialdia (4 urtetik 11ra bitartekoak; 12tik 15erakoak; 16tik 19rakoak). Gainera, egon daitezke beste kategoria berezi batzuk ere. Azken deialdietan, Matematika eta Zientzietako, Frantses Hizkuntzako eta Gaztelaniako proiektu batzuk saritu dira. Bi proiektu hautatzen dira kategoria bakoitzeko. Lehenengo saria, LZN gonbidaturik, irakasle eta ikasleentzako Urteko eTwinning Konferentziara bisita da. Proiektu batek sari hauek jasotzeko aukera izateko nahitaezkoa da aldez aurretik Europar Kalitate Zigilua jasoa izatea.
- Galeriak. Proiektu galerien funtzioa proiektuak ageriko egitea eta aholku ematea da. Laguntza Zerbitzu Nagusiak eta Nazionalak jardunbide egokiak errekonozitzen dituzte proiektuak hainbat galerietan erakutsiz. Aldi berean, proiektu horiek eredu modura eta inspirazio iturri gisa proposatzen zaizkie ideia bila dabiltzan irakasleei. Zerbitzu Nagusiaren orrian erakusten dira Zerbitzu Nazional batzuk eta besteek hautatutako proiektuak, bai eta Kalitate Sari Europarra edo Kalitate Zigilu Europarra jaso dutenak ere. Zerbitzu Nagusiaren orrian erakutsiko dira hango eta hemengo zerbitzu nazionalek hautatutako proiektuak, bai eta Sari Europarra edo Kalitate Zigilu Europarra eskuratua dutenak ere. Laguntza Zerbitzu Nazional espainiarrak baditu hainbat modulu: “Hil honetako proiektua”, "Proiektu aipagarriak", "Harribitxiak", "eTwinning Sariak", IKT tresnak erabiltzeko gomendioak...
Zer iritzi dute irakasleek?
2011ko europar sarien irabazleek eTwinning-eko esperientziaren berri ematen digute.
http://www.etwinning.es/es/ideas/entrevistas/463-conoce-a-los-ganadores-de-los-premios-europeos
Multilateral eTwinning 2011: Colaboramos en español tailerrean parte hartu zuten irakasleen iritziak; helburua zen, espainierazko eTwinning proiektuak garatuz, parte hartzen zuten herrien arteko lankidetza sustatzea.
http://www.etwinning.es/es/ideas/entrevistas/487-entrevistas-multilateral
Maria Jesús Campos Fernández, Alcorcongo Parque de Lisboa BHIko irakasleak, eTwinning-eko European Cities Past and Present bere proiektua aurkeztu zuen joan den ekainean Madrilgo CRIF Las Acacias zentroan izan ziren Integración de las TIC en la Enseñanza II jardunaldietan
eTwinnig TVEko La2ekoLa aventura del saber
| Itzuli 1. unitatera | Hurrengoa: Dokumentuak 1.b: Elkarlaneko ikaskuntza |


